enfermedad de Alzheimer

1. Med.

Zahartzaro aurreko dementzia. Narriadura intelektual sakona eta gaitzaren kontzientzia erlatiboa ditu ezaugarri.

Ezkerrean, garun sano baten PET irudia; eskuinean, Alzheimerren gaixotasuna duen garun batena, non argi ikusten den garunaren aktibitate-eskasia
Ezkerrean, garun sano baten PET irudia; eskuinean, Alzheimerren gaixotasuna duen garun batena, non argi ikusten den garunaren aktibitate-eskasia

1. Med.
Zahartzaro aurreko dementzia. Narriadura intelektual sakona eta gaitzaren kontzientzia erlatiboa ditu ezaugarri.

Alzheimerren gaixotasuna Edit

Egilea: Agurtzane Ortiz

ALZHEIMERREN GAIXOTASUNA

Alzheimerren gaixotasuna dementzia-mota garrantzitsuenetariko bat da. Zahartzaro aurreko dementzia izan arren, zahartzaroan gertatzen den dementziaren arrazoi nagusia izaten da, eta gero eta nagusiagoa zahartuz goazen heinean. Neuroendekapenezko gaitz honek hasiera maltzurra du, eta progresiboa eta atzeraezina da. Narritadura kognitiboa, batez ere oroimenean eta pentsamenduan, eta portaeraren asalduak ditu ezaugarri nagusi. Ez du tratamendu sendagarririk. Hala ere, estimulazio mentalak eta dietak eta sintomen tratamendu farmakologikoak eboluzioa atzeratu dezakete.

Alois Alzheimer mediku eta patologoari zor dio izena gaitzak. 1906an, 51 urteko emakume baten kasua argitaratu zuen. Emakume hark bost urtez dementziazko prozesu progresibo bat izan zuen, haluzinazioak, oroimenaren asaldu larria eta desorientazioa barne, harik eta hil zen arte. Autopsia egin ziotenean, burmuineko kortexa nabarmen txikiagotu zela ikusi zuten; analisi histologikoan, argi ikusten ziren zahartze-plakak (sustantzia amiloidedunak), bai eta aldaketa neurofibrilar oso bereziak ere (haril neurofibrilarrak).

Autopsia-ikasketek erakutsi dute gizakiok zahartuz goazen heinean plakak eta haril neurofibrilarrak izan genitzakeela; alabaina, alzheimerra duen gaixoaren garunean horiek oso nabariak dira. Hasieran, oroimenean parte hartzen duten tokietan kokatzeko joera dute, eta geroago pixkanaka beste toki batzuetara zabaltzen dira. Nahiz eta ez den ondo ezagutzen plaka eta haril horien funtzioa, zientzialariek uste dute zelulen arteko komunikazioa blokeatzen dutela eta haiek bizirik irauteko ezinbesteko prozesuak hondatzen dituztela. Horren guztiaren ondorioz, neuronak suntsitu egiten dira, eta horixe da Alzheimerren gaixotasunaren sintomen arrazoia.

Izan ere, bi egitura berezi hauek dira Alzheimerren gaixotasunaren ezaugarri:

  • Beta amiloide izeneko proteina-atalaren metaketak, plakak osatuz.

  • Neurona barneko harilak, tau deituriko beste proteina baten zuntzak edo hari kiribilduak.

grafikoak1

Ezkerrean, garun sano baten PET irudia; eskuinean, Alzheimerren gaixotasuna duen garun batena, non argi ikusten den garunaren aktibitate-eskasia (iturria: NIA-National Institute of Aging)

Alzheimerren dementzia dementzia guztien % 40-70 da. Gure ingurunean, 65 urtetik gorakoen artean, gaixotasun honen prebalentzia % 4tik 10era bitartekoa da.

Arrazoiak eta arrisku-faktoreak

Nahiz eta Alzheimerren gaixotasunaren arrazoia ez den guztiz ezaguna, uste da faktore genetikoek, immunologikoek, toxikoek, eta psikosozialek parte hartzen dutela.

Arrisku-faktoreen artean adina dugu nagusia. Bizi-itxaropena luzatuz doan heinean, Alzheimerren gaixotasunaren prebalentzia handiagotuz joango da.

Emakumezko izatea ere arrisku-faktorea da, prebalentzia bikoitza baita gizonezkoekin konparatuz.

Gaixotasuna izateko arriskua lau bider handiagoa da zuzeneko senitarteko batek gaitza duenean.

Down sindromea duten pertsonek, 35-40 urtetik aurrera, Alzheimerren gaixotasunaren bereizgarri diren asaldu anatomopatologikoak garatzen dituzte, nahiz eta argi agertzen ez den sintomekin izan beharreko asoziaziorik.

Kanpoko arrisku-faktoreen artean aluminioa dago; hala ere, egindako ikerketek emaitza kontraesankorrak eman dituzte.

Tabakoa faktore babesgarritzat hartu ohi da, nahiz eta kontuan hartu behar diren tabakoak dituen bestelako arriskuak.

Traumatismo kraneoentzefalikoek Alzheimerren gaixotasuna izateko arriskua handitzen dute APOEe4 aleloa dutenen artean.

Hanturaren aurkako farmakoak modu kronikoan hartzea eta estrogenoen bidezko ordezko terapia (menopausian) faktore babesgarritzat hartzen dira.

Oraindik ez da adostasunik lortu heziketak gaitz honetan izan dezakeen eraginaren inguruan.

Sintomak / diagnostikoa

Aurkitu ditzakegun arazo klinikoek, batez ere, portaera-asalduek eta hainbat asistentzia- edo laguntza-arazok, eta arazo sozialek ondorio suntsitzaileak sortzen dituzte pertsonetan, senideetan eta gizartean.

Hasierako faseetan, sintomak arinak izan daitezke, zahartzaroko sintoma normaltzat hartzen baitira askotan. Gaixoak autonomo izaten jarraitzen du, eta bere bizimoduan oraindik eragin handirik ez duten oroimen-akatsak eta/edo desorientazio txikia hautematen dira.

Denborak aurrera egin ahala, narritadura intelektuala handiagoa egiten da. Oroimen-akatsak oso nabarmenak dira eta gaixoaren portaerari eta gaitasunei eragiten diete. Sintoma psikiatrikoak agertzen dira: depresioa, haluzinazioak, eldarnioa, suminkortasuna eta agitazio psikomotorra. Denbora- eta leku-desorientazioa ere begi-bistakoa da.

Azkeneko faseetan, gaixoak denetarako laguntza behar du, eguneroko ekintzak ere ezin baititu egin. Oroimena eta orientatzeko gaitasuna hain kaltetuta daude, ezen gaixoak ez baititu ingurukoak ere ezagutzen. Hizkuntza ulertezina egiten da, desegituraturik dago.

Behin gaixotasuna diagnostikatuta, gaixoa 3-20 urte bizi daiteke.

Diagnostikoa gaixotasunaren sintoma bereizgarriek ematen dute, eta bestelako dementziak baztertuz lortzen da. Lagungarri gertatzen dira balioespen neurologikoa eta test psikometriko eta neuropsikologikoak (arretan, mintzamenean, oroimenean, pertzepzioan eta praxi edo mugimendu zehatzetan oinarrituta) eta proba biokimiko eta erradiologiko osagarriak, hala nola OTA (ordenagailu bidezko tomografia) eta EMNa (erresonantzia magnetiko nuklearra).

Tratamendua

Tratamendua aringarria da, ez baitago gaixoaren neuronen suntsiketa gelditzeko tratamendu eraginkorrik.

Hainbat diziplinak parte hartzen dute tratamenduan, bai osasunaren esparrukoak —medikuak, erizainak, psikologoak, errehabilitazio-espezialistak, terapeutak, laguntzaileak—, bai gizarte-mailakoak —gizarte-langileak, familia, etxeko langileak, gaixoen elkarteak eta abar—.

Tratamendu farmakologikoari dagokionez, azetilkolinesterasaren inhibitzaileak eta memantina ditugu, batez ere sintoma kognitiboetan eragiten dutenak. Bestalde, portaera-asalduek eta nahaste psikiatrikoek ere tratamendua behar dute, tratamendu farmakologikoa eta/edo portaerazkoa.

Beraz, tratamenduak gaixoaren eta haren bizimodu, ingurune, euskarri eta baliabide eta egoera orokorraren araberakoa izan behar du, eta beti zaintzaileen partaidetza behar du.

Azkenik, zientzialariak etengabe ari dira gaitzaren kontrako tratamenduen bila, txertoak, zelula amak, intsulina-tratamenduak eta abar.

Prebentzioari dagokionez, badirudi askotan gaixotasunaren babesgarri izan daitezkeela bizimodu osasungarria, elikadura orekatua, buru-jarduerari eustea eta estimulazioa eta kirola egitea.